XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lehenik, beraren aurrez herriko erretorea izan zen Joakin Basozabalek 1.793an izan zituen istiluen berri jasotzen zutenak, herriko agintariek erretore-ordezkaritzako bi apaiz izendatzeko agindu ziotenean.

Ondoren, On Inazio berak izandako eztabaiden berri jasotzen zuten agiriak....

Batez ere 1.805.eko berri jasotzen zutenak, otsailaren 17an pulpitutik esan zuenaren ondoren Egitamu Mesedegarria argitara emateko eskatu ziotenean herriko agintariek.

Igande horretan, hamarretako mezatan igo zen pulpitura erretorea, urteetan zehar milaka haserre eta iskanbila sortu zuen Egitamu edo elizgizonen ordenantza jasotzen zuen agiria irakurtzeko.

Zerikusi haundia izan zutenez herriko agintariek, ongi lotuak zituzten gauza guztiak.

Gutxien uste zutena gertatuko zen ordea egun horretan, eliza osoa jendez beterik zen unean.

Bukatu zuen erretoreak agiria irakurtzea, baina pulpituan jarraitu zuen bere iritziak azalduz: - Aratzerreka auzoko biztanleek - esan zuen beste gauza askoren artean , ez dute behintzat ezertxo eskertu beharrik herriko agintariei.

Ezertxo ere ez, beren nahiak erantzunik izan ez dutelako.

Jakinean zarete, behin eta berriz eskatu dutela Urrestillako elizatik aparte nahi dutela izan, baina ez diote gure agintariek erantzunik eman.

Horixe entzutea bakarrik behar zuten agintariek!.

Irainduak sentiturik, berehala eskatuko zioten erretoreari beraren jokaeraren berri.

Beldur ziren gainera, herritarrek beraien aurka jarri zezakela eta hurrengo egunetan gogor hartu zuten.

Agintari eta erretorearen artean gutun ugari zeharkatu ziren eta geroago eta urrutiago aurkitzen ziren elkarrengandik.